egidazu
mintzapraktika egin nahi dut


Inicio


Acerca de
Suscríbete al blog

Categorías
Main [3] Sindicar categoría

Archivos
July 2005 [3]

Sindicación (RSS)
Artículos
Comentarios

 


Blogen buztan luzea eta harpidetza motza

2005-03-25 / 07:00 / Luistxo Fernandez Ostolaza

Blogak, blogak, blogak. Modako kontzeptua. Argitalpen azkarreko Interneteko webgune eredua. Albiste eta nobedadeak komentatzeko, primerako eredua.

Weblog kolektiboetan badugu esperientzia bat euskaldunok Sustatu.com-ekin 2001eko azarotik hona. Blog pertsonalen kontua, beranduago iritsi da Euskal Herrira. Ez dakit nori eman behar diogun lehena izatearen domina. Sarean.com Jabi Zabala kazetariaren blogari, seguruenik. 2003an sortu zen. Harrezkero, zenbat etorri diren... batzuk saldoka ere bai, Eibar.org elkarteak blog komunitatea sortu zenetik batez ere (2004ko uztailean).

Zenbat blog euskaldun ote gaur? Atzo baino gehiago, eta bihar baino gutxiago.

Galduko gara informazio itsaso horretan? Ez ote da gauza gehiegi egongo dela Interneten irakurtzeko, jakiteko? Beharbada bai. Blog euskaldun guztiak egunero irakurtzera dedikatuko den pertsonarik ez dago Euskal Herrian 2005. urtean. Ez da posible jarraipen hori egitea. Ez da posible, bederen, termino humanoetan. Baina bai termino robotikoetan: 2005. urtean martxan jarritako ekimen berri batek, Aurki.com eraldatu duen Jarioa proiektuak, blog euskaldun guztiak irakurtzen ditu, etengabe, eta haien azken nobedadeak antolatzen ditu albistegi kolektibo automatiko batean: Aurkik, gainera, blogen irakurketa harpidetza bidez egitea ahalbidetzen du, eta hori inportantea da,harpidetza bidezko irakurketa.

Ikusi dugu, adibidez, blogariren batek kezka zuela bere bloga bakartuta ez ote zegoen, ea ez ote zuen irakurlerik; monoblogoa ote zen bere jarduna. Beharbada bai: blog pertsonal bakoitza hedabide bat da, baina irismen txikiko hedabidea.

Hala ere, ez du horrek inporta: irakurlegoaren eskasiak bost axola. Azaltzen saiatuko naiz jarraian.

Etorkizunean denok izango dugu 15...

Denok ezagutzen dugu 20. mendean mass-medien eragina sinbolizatzera etorri zen esaldi famatu hura, Andy Warholek esana: Etorkizunean denok izango dugu 15 minutuko ospea. Asmatu zuen Warholek. Mass-medien biderkatze eta irismen populista bazter guztietara iritsi da, eta gutako edozein txotxolok du aukera (eskubidea, esan genezake) telebistako talk-show estupido batean azaltzeko, Klaudio Landak elkarrizketa gaitzan. Bai, nire mutilaguna transexuala da eta gustura onartzen dut.

Baina orain 21. mendean bizi gara, eta mass-mediak barik, Internet dugu artikulu honetako gaia. Paradigma aldatu da. Ez du balio Warholen predikzioak. Beste bat da gaurko profezia fetitxea: Etorkizunean denok izango ditugu 15 harpidedun.

Halaxe da, bai. Gutako edozein hedabide bihurtzen denean, bakoitzak bere mikro-audientzia izango du. Gure lagunek, gure etsaiek, gure seme-alabek irakurriko gaituzte... Haientzat garrantzitsua izango da gure bloga, eta gutako bakoitzak, halaber, bere kuttunak izango ditu: harpidetza batzuk jarriatuko ditugu, ez beharbada masiboak, bai edozein faktoregatik gutako inportanteak direnak.

Buztan Luzea, The Long Tail

Blogen audientzian, sareko beste alor askotan bezala, buztan luzearen kontzeptuak funtzionatzen du. Interneteko egia estatistiko bitxi bat da hau, The Long Tail esaten zaio ingelesez. Adi grafiko honi:

Salmenta aukerak merkatu jakin batean. Horixe adierazten du grafikoak: produktu salduenak, ezkerraldean, asko saltzen dira. Katalogoko lau produktu salduenek milaka ale saltzen dituzte. Baina katalogoa luzatu ahala, bateko eta besteko aleak dozenaka edo banaka saltzen dira. Denda batean halako katalogoa gobernatzerik ez dago: asko saldu daitezkeenak bakarrik izan daitezke baldetan. Supermerkatuak aukera gehiago du buztana luzatzeko, baina neurri batera arte: hilean ale bat edo beste salduko duen produkturik ezin diete tokirik kendu korridoreetan asko saltzen dutenei.

Interneten, aldiz, katalogoa infinitoa da. Amazoni ez zaio kostatzen ale bat salduko duen diskoaren datuak datubasean gordetzea. Ez diote kentzen tokirik salduenei. Eta, izatez, gutxi-gutxi saltzen diren milaka diskoen artean, askoz gehiago saltzen du Amazonek superventas horiekin baino. Interes generalistek merkatu handia dute, baina gizarte anitz batean, milaka lagunen mikrointeres konbinatuek, merkatu handiagoa osatzen dute.

Informazioaren mundu editorialean ere berdin gertatzen da. Paperean edo ikus-entzunezko hedabide euskaldunetan, kirol informazioan, izan dezakegu informaziorik futbolaz eta txirrindularitzaz, dudarik ez. Interes generalistak dira, badute berezko merkatu handi bat. Mendigoizaletasunak, ordea, juxtu-juxtuan du jarraipena. Bere interes maila, buztan luzearen grafikoaren alor ilun eta argiaren artean, hor nonbait behar du. Xakeak, berriz, ez du tokirik hedabide euskaldunetan. Bere mikroaudientziak ez du justifikatzen. Grafikoaren alde argian dago xakezaletasun euskalduna.

Interneten, berriz, desberdina da. Interes anitzen merkatu anitza osa daiteke. Blogista bat behar dugu, ez besterik: xakeaz euskaraz idaztea okurritzen zaion bat. Eta izango du bere mikroaudientzia. Eta haren ondoan, beste hainbat mikro-hedabide, bakoitzaren mikro-audientziarekin. Horrelaxe osatuko da edukiaren euskal unibertsoa sarean. Behetik gora. Nola bestela? Nitxo bakoitza subentzionatuta? Euskal xakearen webguneari subentzio publikoa emanez? Errezil-sagarraren foroa Diputazioen babespean eratu?

Ez. Egin dezagun zerbait eutsigarria, barka, iraunkorra. Eman diezaizkiogun armak herriari: blogosfera osa dezaten herritarrek, euskaldun bakoitza blogista bihurtzeko xaxatuz. Batzuek aukera aporbetxatuko dute, beste batzuek ez; baina gutako bakoitza (edo gure artean asko eta asko behintzat) hedabide bat denean, euskarazko informazioaren esparruak buztan luzearen antza izango du. Eta orduan, merkatu nagusiari zerbitzatzen dion EITBk barik, blogosfera anitz horrek okupatuko du nagusitasuna euskarazko Interneteko komunikazio eta informazio esparruan. Gu izango gara nagusi. Gu, blogariok, bakoitza bere 15 laguneko jarraitzaile-multzoarekin.

Podcasting egiten dugun egunean...

Eta adi, blogetako testu-produkziotik podcasting-era igaroko garelako akaso: audio eta bideo produkzio zuzen eta pertsonalera... Bai. Zergatik ez. Akaso bost edo hamar urte barru, euskarazko TB kanal gehien egongo den tokia AurkiTV izango da, ez EITB edo Euskaltel.

We, the media, esango dugu. Don't hate the media, be the media. Beste lema polit bat. Lema anbiziosoa, bai. Bueno, nik uste dut gure helburuak errealista izan behar duela: MUNDUAREN DOMINAZIOA.

Lehenago ere azaldu dut zer esan nahi dudan horrekin. Funtsean, teknologia geuk menderatuko dugula, ez berak gu. Eta anbizio apur bat ondo etorriko dela. Beste adibide batekin saiatuko naiz azaltzen.

Wargames, 1983

Ordenagailuen inguruko film kultuzkoa, agian. Interneten inguruan egin den onena, agian. Bueno, orduan Internet ez zen oraingoa, WWW ere ez zegoen, baina tira, modem bidez ordenagailuak nola elkarlotu daitezkeen sare global batean... Horixe iradokitzen zuen Matthew Broderick gaztetxo baten film honek. Konektatu da mutila eskolako ordenagailura, eta bere nota kaxkarrak igo ditu. Hegazkin-konpainiarekin beste norbaiten Visarekin, eta hara, bidaia Parisera... Neska baten aurrean fardatzeagatik, edozer modemari eta sareari esker.

Halako batean sarbiderik uzten ez dion ordenagailu batekin topo egiten du. Bere hacker truko guztiek huts egiten diote. Halako batean, esaten dio aldamenean duen neskari: Tira, makina hauek ez dizute sartzen utziko, baina normalean joko zerrenda eskatuta, jokatzeko aukera ematen dizute behintzat. Eta hala egiten du, joko-zerrenda eskatzen dio zerraila itxi-itxia duen makina misteriotsua.

Txorakeria bat da hori, baina pelikula bat da, ez ahaztu. Eta makinak erantzun ederra emaren dio une horretan:

Greetings, Professor Falken.
chess
checkers
tic-tac-toe
global thermonuclear war
How about a nice game of chess?

Zerrenda luzeagoa da. Xakea, damak, hiru erreskadan, karta-jokoak eta bestelakoak tartean, eta azkenean, aukera potolo hori, Global thermonuclear war. Mutila liluratuta gelditzen da, baina, noski, ez du aukeratzen makinak Falken profesore misteriotsuari eskaintzen dion xake-partida. Ez, noski. Neska aldamenean duela, aukera posible bakarra du Matthewk, eta huraxe sakatzen du: Global thermonuclear war. Ondoren, misilak jaurtitzen dituzte, eta abentura gehiago...

Kontua da gu ere iritsi garela pantaila horren aurrera. Hala-nola, iritsi gara 21. mendera euskaldunok, gure kultura gutxitu eta diglosikoarekin. Iritsi gara, konektatu gara Internetera, eta jokoa aukeratu behar dugu orain. Zein aukeratuko dugu? Erantzun zentzuzko bakarra dago: Jokorik interesgarrienean jokatuko dugu... Zergatik gutxiagorekin konformatu? Global thermonuclear war!

Izarren ligan gaude: blog bat, atari bat baino interesgarriagoa da. Eta liga horretan gaude, beraz. Interneteko komunikazio esparrua ez du Euskaltelek edo EITBk menderatuko, guk menderatuko dugu, guk, blogariok.


(LUISTXO FERNANDEZ OSTOLAZA CodeSyntax enpresako proiektu arduraduna da)

Por askikuki - July 12th, 2005, 12:47, Categoría: General
Enlace Permanente | Comentar | Referencias (0)




     July 2005    
SMTWTFS
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
31       

loturak
egizu
eGrupos
ZoomBlog

 

Blog alojado en ZoomBlog.com