egidazu
mintzapraktika egin nahi dut


Inicio


Acerca de
Suscríbete al blog

Categorías
General [3] Sindicar categoría

Archivos
Julio 2005 [3]

Sindicación (RSS)
Artículos
Comentarios

 


Eibar.org blog komunitatearen softwarea, libre, doan eta euskaratua

Eibar.org elkartearen blog komunitatea posible egin duen softwarea, Coreblog, euskaratua, doan eta libre kaleratu berri du CodeSyntax-ek, bere 1.0 bertsiorako egokitua.

Apirilean, produktuaren 0.6 bertsioaren lehen kaleratze bat egin genuen. Baina orain, produktua nahiko biribilduta ageri da. Bereziki, 1.0 bertsio egonkorrera iritsi da Coreblog tresna, eta euskaratutako bertsioak ere harekin bat egin du. Gainera, Coreblog-en jatorrizko diseinu zurruna gaindituz, CSS estilo moldagarrietara egokituta dago euskarazko azal hau. Gainerako hizkuntzetara egokitzeko moduan prestatu da, gainera, eta gaztelaniazko bertsioa ere guk geuk prestatu dugu.

Eta, beharbada inportanteena, eguneroko jardunean gaitasuna eta moldagarritasuna erakutsi du Coreblog euskaratuak, Eibar.org elkarteak martxan jarri duen blog komunitateak software hau darabil udatik hona, eta esperientzia polita gertatu da honenbestez. Hangoak dira adibide hauek:

Eibar.org-eko portada ere blog erako beste albistegi bat da, azken finean, eta domeinu horretako abidideez gain, Elgetako Espaloia Kafe Antzokiak ere azpiegitura hau darabil: Espaloia.com

Lokalizazio lan honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren dirulaguntza jaso du, teknologia berrietarako 2004. urteko deialdian.

Eibar.org-eko blogak apur bat egokituta daude. Baina, berez, produktua instalatuz gero, itxura hau hartzen dute prestatu ditugun demoek:

Produktua eskuratzeko, eta instalazio instrukzioetarako, hemen dago informazioa

Por askikuki - 12 de Julio, 2005, 13:17, Categoría: General
Enlace Permanente | Comentar | Referencias (0)

Web gune eleaniztunak diseinatzeko aholkuak

Lehenik eta behin, enpresaren web gunea euskaraz ere bisitatu ahal izateak eta informazioa euskaraz jasotzeko aukera izateak bezero euskaldunen nahi eta beharrei erantzuten die. Bere eskaintza euskaraz egiten duen enpresak zerbitzu hobea ematen dio bezeroari, gertutasunean irabazi egiten du eta erosle potentzialek espero dutenari hobeto erantzuten dio. Bestela esanda, kalitate handiagoko zerbitzua emateko gai dela frogatzen du.

Web orri elebidunak edo eleaniztunak egiteko arrazoiak eta abantailak

Merkataritzaren alorrean eta harreman publikoetan ongi frogatuta dago bezeroari bere hizkuntzan zuzentzeak duen garrantzia. Bezero euskaldunari euskaraz zuzentzen zaionak, hizkuntzarekiko errespetua erakusteaz gain, errazago lortuko du honen atxikimendua. Biziki gomendagarria da, beraz, Euskal Herriko enpresentzat web orrietako edukiak euskaraz emateko aukera zabaltzea. Gehienetan web gune horietan hedadura handiagoko hizkuntzak ere erabiliko ditu enpresak, gaztelania ia beti, eta merkataritza harremanen nazioartekotzea dela medio, baita ingelesa edo beste zenbait hizkuntza ere. Askotan web gune elebidunak baino gehiago eleaniztunak sortuko dituzte enpresek. Horregatik da hain garrantzitsua euskara ere beste hizkuntzen pare agertzea, inolako morrontzarik gabe eta bigarren maila batean utzi gabe.

Azken hamarkadetan euskal hiztunen kopurua haziz joan den neurrian, gero eta ugariagoak dira bezero euskaldunak, gero eta gehiago zerbitzuak euskaraz eskatzen dituzten herritarrak. Kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunak errazago joko du produktuak eta zerbitzuak euskaraz eskaintzen dizkion enpresa batengana eta bere hizkuntzarekiko errespetua erakusten duen batengana, eskaintza guztia erdara hutsean egiten dionarengana baino. Espero izatekoa da, beraz, web gunean euskarari toki bat egiteak bezero potentzialen kopurua handitzea.

Bestalde, web guneek gizartearen errealitate kultural eta linguistikoa islatzen dute. Euskal Herriko enpresak gizarte testuinguru jakin batean daude txertatuta eta errealitate hori jasotzeko gauza ez badira, huts egin dezakete sektore sozial zabal baten aurrean. Euskara berreskuratzeko eta indarberritzeko ahaleginean dabilen gizarte batean, gehiengo soziala euskararen aldekoa den testuinguru batean, euskara erabiltzeak enpresaren irudia hobetzen laguntzen du. Herritarren kezka eta nahiekin bat egiten duen enpresa askoz integratuago dago bere inguru naturalean eta integrazio irudi horrekin enpresak berak ere irabazi egingo du.

Jarraian ematen diren gomendio eta aholkuekin lortu nahi dena da web orriak diseinatzerakoan euskararen presentzia duina ziurtatzea, gaztelaniarekin, ingelesarekin edo beste edozein hizkuntzarekin parekotasunean agertzea eta askotan diseinuak berak sortzen dituen menpekotasunak ekiditea. Gomendio praktikoak dira hemen egiten direnak, erabiltzaile euskaldunari begira pentsatutakoak, web gunean barrena eroso ibil dadin eta behar duen informazioa euskaraz lortzeko aukera izan dezan beste hizkuntza batera jo beharrik izan gabe.

Orri nagusia

Orri nagusia da enpresaren web gunearen aurkezpen orria, erabiltzaileak web gunearekin duen lehen kontaktua eta lehen inpresioek duten indarrarengatik aparteko garrantzia duena. Ahalegina egin beharra dago bezeroak hasieratik bertatik euskaraz nabigatzeko aukera ikus dezan eta aukera hori besteak bezain erakargarria izan dadin.

Web gune elebidun edo eleaniztunetan bada maiz ikusten den praktika bat, hizkuntzen berdintasunaren printzipioa kontuan hartuz gero baztergarria dena: orri nagusi elebakarra aurkeztea hizkuntza aldatzeko aukera emanda. Horrelakoetan gaztelania izan ohi da hizkuntza nagusia eta erabiltzaile elebidunak web orriak berak erakusten dion bidearen aurkako erabaki kontzientea hartu beharra dauka. Horrek, jakina, zaildu egiten du euskarazko edukietara iristea, euskaldunei klik bat gehiago eskatzen die-eta.

Berdintasuna errespetatuz gero bi aukera daude:

  • Orri nagusi erabat elebiduna. Direktorio egitura duten orrietan indizeak bi hizkuntzetan eman daitezke, hizkuntza bakoitzeko izenburuek hizkuntza horretako edukiekin lotura egiten dutela. Aukera honekin orrialde trinkoegiak eta nahasgarriak sortzeko arriskua dago eta web orriko hizkuntzak hiru edo gehiago direnean ia bideraezina gertatzen da.
  • Hasierako orri / zabaltze-orri (splash page) elebiduna edo eleaniztuna, hizkuntza aukeratzeko propio diseinatutakoa. Erabiltzaileak hizkuntza aukeratu duenean orri nagusia agertuko zaio osorik berak aukeratutako hizkuntzan. Hau da aukerarik gomendagarriena, diseinuaren aldetik erakargarriena delako eta hizkuntzen berdintasunari eusten diolako.

Enpresaren aukera edozein dela ere, ezinbestekoa da orri nagusian hizkuntza aukeratzeko botoia txertatzea eta baita hurrengo orrialdeetan ere, beti toki berean eta nabarmen atentzioa emateko moduan. Web orrien diseinuan dagoen esperientziak erakusten duenari jarraituz, honako gomendio hauek eman daitezke hizkuntza aldatzeko botoiari dagokionez:

  • Komeni da botoia orrialde buruan kokatzea gainerako nabigazio tresnekin batera eta orrialde barrenean errepikatzea berriz gora itzuli beharrik ez izateko.
  • Letra tipo eta kolore deigarriak erabiltzea.
  • Web gune guztian beti toki berean eta orrialde guztietan ezartzea.
  • Botoia izendatzeko hizkuntzaren izena erabiltzea (bakoitzak bere burua izendatzeko duena: Euskara, Español, English…), banderek eta bestelako ikurrek sor ditzaketen gaizkiulertuak saihesteko.

Nabigazioa

Web orri elebidunak diseinatzerakoan kontuan izan behar da erabiltzaile elebidunak zenbait erabaki hartzen dituela orrian barrena nabigatzerakoan eta orriaren diseinuak berak garrantzi handia duela, erabaki horietan eragina duen neurrian. Bi erabaki mota har ditzake erabiltzaileak: lehena, hasierako orrian egiten duen hizkuntza aukeraketa; eta bigarrena, web gunean barneratu ondoren edozein orrialdetan egin dezakeen hizkuntza aldaketa.

Arrazoi asko egon daitezke une jakin batean euskarazko bertsiotik erdarazkora jauzi egiteko: euskarazko itzulpena kaskarra izatea, terminologia konturen bat kontrastatu nahi izatea, zenbait gaitan erdaraz euskaraz baino seguruago sentitzea edo baita jakin-min hutsa ere. Horregatik da gomendagarria web guneko orrialde guztietan hizkuntza aldatzeko botoi bat aukeran izatea beste hizkuntzan (edo hizkuntzetan) dagoen testua kontsultatu ahal izateko.

Euskarazko edukiak erdarazkoak bezain ugariak ez diren web guneetan ere komenigarria da hizkuntza aukeratzeko botoiari eustea. Euskarazko edukia falta denean gomendagarriena azalpen txiki bat ematea da eta zuzenean erdarazko bertsioarekin lotura eskaintzea, horrela ez baitu erabiltzaileak erdarazko orri nagusira itzuli beharrik izango berriz ere material horren bila abiatzeko.

Eduki elebidunak/eleaniztunak

Web orrian euskara ere sartzea erabakiz gero, ez da komeni maila sinboliko hutsean geratzea. Orri nagusitik aurrera ere euskarazko edukien presentzia ziurtatzeko ahalegina egin beharra dago. Gerta liteke, hala ere, enpresak duen material guztia bi hizkuntzetan (edo gehiagotan) ematea gehiegizko zama izatea web orrian. Horrelako kasuetan, den-dena sarean jartzea baino gomendagarriagoa da edukiak mugatzea, funtsezkoena aukeratzea eta hori bi hizkuntzetan jartzea. Izan ere, web orria enpresak informazioa zabaltzeko duen bideetako bat besterik ez da eta ez da komeni enpresak eskain dezakeen informazio guztiarekin web orria gehiegi kargatzea.

Eduki berriak txertatzerakoan ere bi hizkuntzen arteko desoreka sortzeko arriskua dago. Askotan testu berriak gehitzerakoan erdarazkoari eman ohi zaio lehentasuna eta euskarazko bertsioak gerorako uzten dira itzulpenaren zain. Horrek sortzen duen bigarren mailako hizkuntzaren irudia oso kaltegarria da: informazioa eguneratua eta baliagarria erdaraz dagoenez gero, erdara bihurtzen da benetako komunikazio hizkuntza eta euskarak apaingarri huts bihurtzeko arriskua dauka. Web orrian material berria jartzerakoan onena pixkanaka eta bi hizkuntzetan batera egitea da. Horrek enpresak bi hizkuntzekiko duen errespetua erakutsiko luke eta erabiltzaile elebidunaren aurrean sinesgarritasuna irabaziko luke erakundeak.

Diseinuari dagokionez, hizkuntza bateko nahiz besteko edukietan itxura grafiko berari eutsi beharko litzaioke. Diseinua prestatzeko lana errazago izateaz gain, erabiltzailearentzat erosoagoa da eta bi hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzen du. Letra tipo edo kolore desberdinak erabiltzen badira, hizkuntza bateko testua bestekoa baino irakurterrazagoa suertatzen da. Letra etzana erabiltzeak, esate baterako, zaildu egiten du pantailan irakurtzea.

Terminologiaren zehaztasuna eta hizkuntzaren kalitatea

Gaur egun sarean dauden web orri askotan euskarazko testuak erdarazko jatorrizkoaren itzulpen hutsak dira horrek dakarren arriskuarekin, itzulpen desegoki batek uxatu egin baitezake irakurlea eta erdarazko bertsiora jauzi eginarazi. Irakurleak euskarazkoarekin aurrera jarrai dezan ezinbestekoa da testu egokiak eta erraz irakurtzeko modukoak aurkeztea.

Terminologiarena da lehen arazoa. Oraindik arlo espezifiko batzuetara iritsi ez bada ere, handia da euskarazko terminologia lantzen eta bateratzen egin den aurrerakada. Horregatik, ez da ulertzen erraza web gune batzuetatik besteetara gaur egun oraindik ere ikusten den aldea eta termino ugaritasuna, kontzeptu tekniko bakoitzerako termino bakarra erabiltzera behartzen duen urrezko araua hausten du-eta. Egoera are okerragoa da termino ugaltze hori web gune berean gertatzen denean. Irakurleari etsiarazi egiten dio eta erdarazkoa lehenestera bultzatzen du. Bada gaur egun nahiko baliabide horrelakorik gerta ez dadin, denon esku dauden banku terminologikoak eta hiztegiak, esate baterako:

Euskalterm;

Euskara-euskara hiztegia: Harluxet;

Euskara-gaztelania/gaztelania-euskera hiztegiak: Elhuyar eta 3000;

Euskara-ingelesa hiztegia: Morris;

Bestelakoak ere badaude zure eskueran, besteak beste: Sinonimoen Hiztegia Antonimoduna eta Terminologia eta Lexikografiako Zentroa.

Zuzentzaile ortografikoa ere lagungarri gerta daiteke.

Testuaren egokitasuna da zaindu beharreko beste kontua. Euskaltzaindiaren arauak errespetatzeaz gain, komeni da estiloa ere zaintzea eta erraz irakurtzeko moduko testuak aurkeztea, erabiltzaileari erdarazkoak eskatzen ez dion lana eta nekea ez gaineratzeko. Izan ere, askotan itzulpen kutsu handiegia dute euskarazko testuek, erdarazko sintaxiaren eta esamoldeen morroi dira eta arrotz egiten zaizkio euskaraz irakurri nahi dituenari. Gomendagarria da, beraz, testuak gainbegiratzea eta ahalik eta modurik profesionalean egokitzea, hizkuntzaren kalitatearen eta irakurgarritasunaren mesedetan. Itzultzaile edo testu zuzentzaile baten beharra izanez gero, hona hemen hainbat helbide:

Gomendioak

Hona hemen, orain artekoa laburbilduz eta osatuz, web orri elebidunak edo eleaniztunak diseinatzeko jarraibideak:

  • URL helbideetan artxibo eta karpeten izenak artxibo eta karpeta horietako edukiak dauden hizkuntzan ematea komeni da. Horrela, gainera, helbidea eskuinetik ezkerrera moztuz goragoko maila batera pasatzeko aukera dago hizkuntza horretatik atera gabe.
  • Orrialdeen edukia beti hizkuntza bakar batean egotea gomendatzen da. Orrialde elebidunak, inon erabiltzekotan, orri nagusietan edo hierarkian goiko mailetan ageri diren menuetan erabil daitezke.
  • Orrialde elebidunak erabili nahi izanez gero, bi hizkuntzetako testuak ordenatzeko egitura berari eutsi behar zaio: ezkerrekoa beti ezkerrean, eskuinekoa eskuinean; menu zerrenda bikoiztuetan lehena beti lehen, bigarrena bigarren.
  • Testuak ordenatzeko orduan kontuan izan behar da goikoari lehentasuna ematen zaiola behekoaren kaltetan, eta baita ezkerrekoari ere eskuinekoaren aldean.
  • Hizkuntzen arteko berdintasuna errespetatzeko eduki berberak eman behar dira bi hizkuntzetan. Material guztiak bi hizkuntzetan ematea ezinezkoa baldin bada, laburpen bat eskaini behar da eta horrekin batera lotura bat beste hizkuntzan dagoen bertsio osoarekin.
  • Badira informazio batzuk edozein kasutan ere bi hizkuntzetan eman behar liratekeenak: legezko oharrak, kontaktuetarako xehetasunak, feedback eskeak edo errore mezuak, esate baterako.
  • Hizkuntzak bereizteko koloreak, letra tipoak edo bestelako baliabideak erabili nahi badira, komeni da beti berak izatea web gune guztian. Hala ere, ez da gomendagarria testuetan letra tipo desberdinak erabiltzea, eta are gutxiago irakurketa zailtzen dutenak.
  • Hizkuntza aldatzeko botoiak beti toki berean ezarri behar dira orrialde guztietan, orrialdea kargatzen ari den bitartean ere ikusgarri diren tokian, ahal dela orrialde buruan eta gero orrialde barrenean errepikatu.
  • Hizkuntza aldatzeko botoiek itxura bera izan behar dute beti. Horretarako hizkuntzen izenak erabiltzea gomendatzen da eta banderak edo bestelako ikurrak baztertzea.
  • Grafikoetan testuak edo ALT etiketak erabiltzen direnean, testu nagusia dagoen hizkuntzan jarri behar dira.
  • Ikonoak irudi huts direnez eta kulturen arteko urruntasunik ezean hiztun guztiek berdin ulertzen dituztenez, bi hizkuntzetan berberak erabiltzea gomendatzen da.
  • Ahalik eta terminologiarik bateratuena erabili behar da, horretarako denon esku dauden baliabideak aprobetxatuz. Termino teknikoekin, estandarrak ez direnekin edo gutxi erabiltzen direnekin gomendagarria da glosario bat eskaintzea termino horien esanahiarekin eta beste hizkuntzetako baliokideekin.
  • Testuen egokitasuna bermatzeko komeni da gainbegiratzea eta zuzenketa ahalik eta profesionalena izatea.

Adibideak

Orain arte aipatutako gaiak ilustratzeko adibideak ematen dira atal honetan. Gero eta gehiago dira euskarari toki duina ematen dioten web guneak eta, beraz, hemen ageri direnak adibide batzuk besterik ez dira. Ez dira irizpide jakin bati jarraituz (eta are gutxiago hemen azaltzen ez dena gutxiesteko asmoz) egindako selekzio baten ondorio. Hemen aipatu izana har bedi bere ilustrazio balioan.

  • Badira euskara hutsez dauden web guneak, normalean euskarazko komunikabideenak. Eguneroko prentsan, esate baterako, Berria-rena, egunkariaren ingelesezko edizioa ere eskaintzen duena. Astekarien artean Argia-rena ikus daiteke eta herri mailako aldizkarien artean Uztarria-rena adibidez, eztabaida gune bizi batez hornitua.
  • Bezero euskaldunekin harreman handia duten enpresen artean finantza-erakundeak daude. Gipuzkoa Donostia Kutxa-renak adibidez, euskara edo gaztelania aukeratzeko zabaltze-orria du. Behin horietako bat hautatuta, baztertutako hizkuntza eta ingelesa edo frantsesa aukeratzeko botoiak ditu. Eduki berberak eskaintzen ditu euskaraz eta gaztelaniaz; ingelesez eta frantsesez, ordea, bestelakoa ematen du; eta hizkuntzak aldatzeko botoiak orrialde-buruan ageri dira. Beste horrenbeste gertatzen da Euskadiko Kutxa-ren web gunearekin, kasu honetan hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez) egin daiteke aukera. Euskaraz eta gaztelaniaz eduki bera ematen dute; ingelesez, berriz, edukia murritzagoa da. Hizkuntzaz aldatzeko botoiak orrialde-buruan daude kasu honetan ere.
  • Kontsumitzaileekin lotura zuzena dutenen artean, Eroski-ren web guneak zuzenean gaztelaniazko orri nagusira eramaten gaitu eta hizkuntzaz aldatzeko botoiak orrialde-buruan ageri dira. Sei hizkuntzatan eskaintzen ditu eduki berberak, baina hizkuntza aldatzeko orri nagusira itzuli behar da. Enpresa horren Consumer aldizkaria-k ere eskema berari jarraitzen dio, baina orrialde guztietan ageri da hizkuntza aldatzeko aukera (guztira 4 hizkuntza dira). Megadenda-renak, berriz, zuzenean euskarazko orri nagusia erakusten du eta edukiak lau hizkuntzatan eskaintzen ditu, hizkuntza aldatzeko botoia orrialde guztietan toki nabarmenean ageri dela.
  • Industria sektorean, bezero euskaldunen kopurua urria izanagatik, badira euskararen normalkuntzan oso aurreratuta dauden enpresak eta ereduzko web guneak dituztenak. Bi adibide jartzeagatik, ikusteko modukoak dira Elay-rena eta Batz-ena. Oso antzeko eskemari erantzuten diote biek ere: bost hizkuntzako aukera ematen duen zabaltze-orria, edukien berdintasuna bost hizkuntzetan, baina hizkuntza aldatzeko aukerarik ez orri guztietan.

Bibliografia

  • Interfaces for Bilingual Information Systems (IBIS). A collaboration between the School of Education, University of Wales, Bangor and Escola Superior Politecnica, Universitat Pompeu Fabra, Barcelona. (Ikusteko, sakatu HEMEN)
  • CUNLIFFE, D. (2002): Guidelines for Bilingual Usability: Unitary Authority Web Sites in Wales. School of Computing Technical Report University of Glamorgan. (Ikusteko, sakatu HEMEN)
  • GOMER, Rhiannon: Snapshot Survey of Websites (2003) - Sites surveyed. (Ikusteko, sakatu HEMEN)

Por askikuki - 12 de Julio, 2005, 12:50, Categoría: General
Enlace Permanente | Comentar | Referencias (0)

Blogen buztan luzea eta harpidetza motza

2005-03-25 / 07:00 / Luistxo Fernandez Ostolaza

Blogak, blogak, blogak. Modako kontzeptua. Argitalpen azkarreko Interneteko webgune eredua. Albiste eta nobedadeak komentatzeko, primerako eredua.

Weblog kolektiboetan badugu esperientzia bat euskaldunok Sustatu.com-ekin 2001eko azarotik hona. Blog pertsonalen kontua, beranduago iritsi da Euskal Herrira. Ez dakit nori eman behar diogun lehena izatearen domina. Sarean.com Jabi Zabala kazetariaren blogari, seguruenik. 2003an sortu zen. Harrezkero, zenbat etorri diren... batzuk saldoka ere bai, Eibar.org elkarteak blog komunitatea sortu zenetik batez ere (2004ko uztailean).

Zenbat blog euskaldun ote gaur? Atzo baino gehiago, eta bihar baino gutxiago.

Galduko gara informazio itsaso horretan? Ez ote da gauza gehiegi egongo dela Interneten irakurtzeko, jakiteko? Beharbada bai. Blog euskaldun guztiak egunero irakurtzera dedikatuko den pertsonarik ez dago Euskal Herrian 2005. urtean. Ez da posible jarraipen hori egitea. Ez da posible, bederen, termino humanoetan. Baina bai termino robotikoetan: 2005. urtean martxan jarritako ekimen berri batek, Aurki.com eraldatu duen Jarioa proiektuak, blog euskaldun guztiak irakurtzen ditu, etengabe, eta haien azken nobedadeak antolatzen ditu albistegi kolektibo automatiko batean: Aurkik, gainera, blogen irakurketa harpidetza bidez egitea ahalbidetzen du, eta hori inportantea da,harpidetza bidezko irakurketa.

Ikusi dugu, adibidez, blogariren batek kezka zuela bere bloga bakartuta ez ote zegoen, ea ez ote zuen irakurlerik; monoblogoa ote zen bere jarduna. Beharbada bai: blog pertsonal bakoitza hedabide bat da, baina irismen txikiko hedabidea.

Hala ere, ez du horrek inporta: irakurlegoaren eskasiak bost axola. Azaltzen saiatuko naiz jarraian.

Etorkizunean denok izango dugu 15...

Denok ezagutzen dugu 20. mendean mass-medien eragina sinbolizatzera etorri zen esaldi famatu hura, Andy Warholek esana: Etorkizunean denok izango dugu 15 minutuko ospea. Asmatu zuen Warholek. Mass-medien biderkatze eta irismen populista bazter guztietara iritsi da, eta gutako edozein txotxolok du aukera (eskubidea, esan genezake) telebistako talk-show estupido batean azaltzeko, Klaudio Landak elkarrizketa gaitzan. Bai, nire mutilaguna transexuala da eta gustura onartzen dut.

Baina orain 21. mendean bizi gara, eta mass-mediak barik, Internet dugu artikulu honetako gaia. Paradigma aldatu da. Ez du balio Warholen predikzioak. Beste bat da gaurko profezia fetitxea: Etorkizunean denok izango ditugu 15 harpidedun.

Halaxe da, bai. Gutako edozein hedabide bihurtzen denean, bakoitzak bere mikro-audientzia izango du. Gure lagunek, gure etsaiek, gure seme-alabek irakurriko gaituzte... Haientzat garrantzitsua izango da gure bloga, eta gutako bakoitzak, halaber, bere kuttunak izango ditu: harpidetza batzuk jarriatuko ditugu, ez beharbada masiboak, bai edozein faktoregatik gutako inportanteak direnak.

Buztan Luzea, The Long Tail

Blogen audientzian, sareko beste alor askotan bezala, buztan luzearen kontzeptuak funtzionatzen du. Interneteko egia estatistiko bitxi bat da hau, The Long Tail esaten zaio ingelesez. Adi grafiko honi:

Salmenta aukerak merkatu jakin batean. Horixe adierazten du grafikoak: produktu salduenak, ezkerraldean, asko saltzen dira. Katalogoko lau produktu salduenek milaka ale saltzen dituzte. Baina katalogoa luzatu ahala, bateko eta besteko aleak dozenaka edo banaka saltzen dira. Denda batean halako katalogoa gobernatzerik ez dago: asko saldu daitezkeenak bakarrik izan daitezke baldetan. Supermerkatuak aukera gehiago du buztana luzatzeko, baina neurri batera arte: hilean ale bat edo beste salduko duen produkturik ezin diete tokirik kendu korridoreetan asko saltzen dutenei.

Interneten, aldiz, katalogoa infinitoa da. Amazoni ez zaio kostatzen ale bat salduko duen diskoaren datuak datubasean gordetzea. Ez diote kentzen tokirik salduenei. Eta, izatez, gutxi-gutxi saltzen diren milaka diskoen artean, askoz gehiago saltzen du Amazonek superventas horiekin baino. Interes generalistek merkatu handia dute, baina gizarte anitz batean, milaka lagunen mikrointeres konbinatuek, merkatu handiagoa osatzen dute.

Informazioaren mundu editorialean ere berdin gertatzen da. Paperean edo ikus-entzunezko hedabide euskaldunetan, kirol informazioan, izan dezakegu informaziorik futbolaz eta txirrindularitzaz, dudarik ez. Interes generalistak dira, badute berezko merkatu handi bat. Mendigoizaletasunak, ordea, juxtu-juxtuan du jarraipena. Bere interes maila, buztan luzearen grafikoaren alor ilun eta argiaren artean, hor nonbait behar du. Xakeak, berriz, ez du tokirik hedabide euskaldunetan. Bere mikroaudientziak ez du justifikatzen. Grafikoaren alde argian dago xakezaletasun euskalduna.

Interneten, berriz, desberdina da. Interes anitzen merkatu anitza osa daiteke. Blogista bat behar dugu, ez besterik: xakeaz euskaraz idaztea okurritzen zaion bat. Eta izango du bere mikroaudientzia. Eta haren ondoan, beste hainbat mikro-hedabide, bakoitzaren mikro-audientziarekin. Horrelaxe osatuko da edukiaren euskal unibertsoa sarean. Behetik gora. Nola bestela? Nitxo bakoitza subentzionatuta? Euskal xakearen webguneari subentzio publikoa emanez? Errezil-sagarraren foroa Diputazioen babespean eratu?

Ez. Egin dezagun zerbait eutsigarria, barka, iraunkorra. Eman diezaizkiogun armak herriari: blogosfera osa dezaten herritarrek, euskaldun bakoitza blogista bihurtzeko xaxatuz. Batzuek aukera aporbetxatuko dute, beste batzuek ez; baina gutako bakoitza (edo gure artean asko eta asko behintzat) hedabide bat denean, euskarazko informazioaren esparruak buztan luzearen antza izango du. Eta orduan, merkatu nagusiari zerbitzatzen dion EITBk barik, blogosfera anitz horrek okupatuko du nagusitasuna euskarazko Interneteko komunikazio eta informazio esparruan. Gu izango gara nagusi. Gu, blogariok, bakoitza bere 15 laguneko jarraitzaile-multzoarekin.

Podcasting egiten dugun egunean...

Eta adi, blogetako testu-produkziotik podcasting-era igaroko garelako akaso: audio eta bideo produkzio zuzen eta pertsonalera... Bai. Zergatik ez. Akaso bost edo hamar urte barru, euskarazko TB kanal gehien egongo den tokia AurkiTV izango da, ez EITB edo Euskaltel.

We, the media, esango dugu. Don't hate the media, be the media. Beste lema polit bat. Lema anbiziosoa, bai. Bueno, nik uste dut gure helburuak errealista izan behar duela: MUNDUAREN DOMINAZIOA.

Lehenago ere azaldu dut zer esan nahi dudan horrekin. Funtsean, teknologia geuk menderatuko dugula, ez berak gu. Eta anbizio apur bat ondo etorriko dela. Beste adibide batekin saiatuko naiz azaltzen.

Wargames, 1983

Ordenagailuen inguruko film kultuzkoa, agian. Interneten inguruan egin den onena, agian. Bueno, orduan Internet ez zen oraingoa, WWW ere ez zegoen, baina tira, modem bidez ordenagailuak nola elkarlotu daitezkeen sare global batean... Horixe iradokitzen zuen Matthew Broderick gaztetxo baten film honek. Konektatu da mutila eskolako ordenagailura, eta bere nota kaxkarrak igo ditu. Hegazkin-konpainiarekin beste norbaiten Visarekin, eta hara, bidaia Parisera... Neska baten aurrean fardatzeagatik, edozer modemari eta sareari esker.

Halako batean sarbiderik uzten ez dion ordenagailu batekin topo egiten du. Bere hacker truko guztiek huts egiten diote. Halako batean, esaten dio aldamenean duen neskari: Tira, makina hauek ez dizute sartzen utziko, baina normalean joko zerrenda eskatuta, jokatzeko aukera ematen dizute behintzat. Eta hala egiten du, joko-zerrenda eskatzen dio zerraila itxi-itxia duen makina misteriotsua.

Txorakeria bat da hori, baina pelikula bat da, ez ahaztu. Eta makinak erantzun ederra emaren dio une horretan:

Greetings, Professor Falken.
chess
checkers
tic-tac-toe
global thermonuclear war
How about a nice game of chess?

Zerrenda luzeagoa da. Xakea, damak, hiru erreskadan, karta-jokoak eta bestelakoak tartean, eta azkenean, aukera potolo hori, Global thermonuclear war. Mutila liluratuta gelditzen da, baina, noski, ez du aukeratzen makinak Falken profesore misteriotsuari eskaintzen dion xake-partida. Ez, noski. Neska aldamenean duela, aukera posible bakarra du Matthewk, eta huraxe sakatzen du: Global thermonuclear war. Ondoren, misilak jaurtitzen dituzte, eta abentura gehiago...

Kontua da gu ere iritsi garela pantaila horren aurrera. Hala-nola, iritsi gara 21. mendera euskaldunok, gure kultura gutxitu eta diglosikoarekin. Iritsi gara, konektatu gara Internetera, eta jokoa aukeratu behar dugu orain. Zein aukeratuko dugu? Erantzun zentzuzko bakarra dago: Jokorik interesgarrienean jokatuko dugu... Zergatik gutxiagorekin konformatu? Global thermonuclear war!

Izarren ligan gaude: blog bat, atari bat baino interesgarriagoa da. Eta liga horretan gaude, beraz. Interneteko komunikazio esparrua ez du Euskaltelek edo EITBk menderatuko, guk menderatuko dugu, guk, blogariok.


(LUISTXO FERNANDEZ OSTOLAZA CodeSyntax enpresako proiektu arduraduna da)

Por askikuki - 12 de Julio, 2005, 12:47, Categoría: General
Enlace Permanente | Comentar | Referencias (0)




<<   Enero 2011    
LMMiJVSD
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
31       

loturak
egizu
eGrupos
ZoomBlog

 

Blog alojado en ZoomBlog.com